Burrunbazale Txaranga
2012-Sutearen 500. urteurrena
1512an, suak erre zuen Ordizia. Erabat kixkalita geratu zen gajoa, burumakur… Baina garai txarrei konponbide apartak tokatzen zaizkio nonbait eta, hura gero aberats baten abiapuntu bihurtu zen eta Ordiziak Joana Gaztelakoak emandako eskubideari probetxu ateratzen jakin zuen… 500 urte pasa eta gero, suak eragindako aiumak festa giro bihurtu dira eta Beti Argiren urteroko Sanjosetako kontzertua ospakizun horretan murgildu da.
Ekintza andana izan zen igandeko eguraldi ezin hobean:
10:00 Goizeresia Ordiziako Txistulariekin 11:00-12:00 Barrena Kultur Etxean hasi eta Plaza Nagusian bukatuz. Tekno altxor bila “Ordizia eta Azokaren historia ezagutuz.” 11:00 D’elikatuzen: Harrera Azokako baserritarrei. Inagrosalute proiektuaren aurkezpena. Azokaren ikus – entzunezkoa. Azokaren txokoa”-ren aurkezpena. Kimetz Elkarteak bultzatutako “Gaur Zortzi Azokan” emakume baserritarraren omenez eginiko dokumentalaren aurkezpena. 12:15 Azokako baserritar eta baserriko produktuak saltzen dituztenei omenaldia Plaza nagusian: omenaldi ekitaldia. Bertsolariak, aurreskua. 13:00 Beti Argi Bandaren kontzertua. 13:45 Azoka 500eko ipuin kalejira, Ahoz Aho Jaialdiaren barruan. Kaleetan festa giroa. 14:00 “500 urte, 500 plaza baietz!” Ekimenaren hasera Emaneurre taldeak antolatuta 14:30 Frontoian herri bazkaria Azokako saltzaileekin. Larrun Arri eta Umore Ona abesbatzak, Laguntasuna Errondalla, bertsolariak… 17:00-20:00 Plaza Nagusian jolas bitxiak (4-9) urte bitartekoentzat. 17:30-19.00 kirol kooperatiboak (9-14) urte bitartekoentzat Joxe Miel Barandiaran Plazan. 19:00 Herrian zehar erromeria, dantzariak, txaranga, festa giroa. 20:00 Plaza Nagusian, amaiera ekitaldia, Sutea oroituz.
Enparantza inguruan emandako 500 birek arrakasta izugarria izan zuten, bai parte hartu zutenen artean, baita begira zeudenena ere!, bazkaria… Ez dugu hurrengo 500. urteurrena harrapatuko… Garaikoek ideia bat edo beste har dezakete hemen!
2012-Karnabalak
Aspaldi izan dira karnabalak, baina ezin dugu ahaztu aurten ere, garai honetan, Burrunbazale izan dela festa/lanean. Urtero bezala, ostegun gizenean hasi genituen karnabalak Burrunbazaleok, ohitura dugun lez, Tolosako Iurre elkartearen afalosteko poteotxoan lagunduz.
Ordiziako Itxaropena elkartean Aierbek prestatutako ostegun gizeneko afaria bukatzean joan ginen Tolosara, entranteak, xoloma piper tomate eta arrautzak larrua bete janda.
Gero, Iurren bertan postrea, kafea eta kopatxo bat edanda hasi genituen aurtengo karnabalak. Beti bezala, elkartetik atera eta alde zaharrean zehar bueltatxoa egin genuen ordubiak aldera berriro elkartera bueltatzekotan eta, urtero bezala, aterako erdiak bueltatu ginen eta lanera joan beharrean geundelako besteek hurrengo goizaldeko trenen bat hartu zuten eta goxo-goxo pasa zuten ostiral goiza ohean.
Ostiraleko deskatsua eta gero, larunbat arratsaldean berriro egin genuen zita Usurbilgo karnabaletan saioa egiteko. Lamiak, tartalo, Barandiaran apaiza… mitologia omen zuten gai mozorrotzeko eta denetik aurkitu genuen han… Afalordurako bukatuta genuen saioa eta berriz ere Burrunbazale banatu egin zen… batzuk Ordiziara hurrengo eguneko goizean jaiki beharra zegoela-eta, eta besteok Tolosara hurrengo egunekoak momentuan ahaztuta afaldu eta parranda pixka bat egitera edo beste pixka bat instrumentua astintzera…
Hala ere, denok, bai Tolosara joan ginenak bai beste guztiak ere Igande goizean, Tolosako karnabaletako egun haundian, prest geunden goiz-goizetik “Txatarrillasen” agindupean txanpainez bustitako diana jotzeko. Hamaiketako eman ziguten gero Iurrekoak eta eguerdiko poteo ostean behar bezalako bazkaria.. Gero, Gin Tonikek indarberrituta, beste saio bat egin genuen arratsaldean eta bukatzena Ordiziara txintxo- txintxo espuela pare bat hartzera… batzuek hurrengo eguneko lanenan pentsatzen eta besteak berriz ere tolosara bueltatu behar zutelako beste elkarte batzuetan jotzera.
Dena den, sekretutxo bat, trenean bueltan musika entzun bazenuten Burrunbazaleok ginen oraindik karnabal gogoarekin etxera bueltan gentozenean…
2012-San Sebastian-Tanborrada
Ez zen giro izan Donostian atzo! Tanbor hotsa ez zen ixildu eta Burrunbazaleren firi-firia ere ez, baina trumoi eta tximistei ezin eutsi, zaparrada ezin geratu.
Plastikoa nagusitu zen tanborrero artean, arropa gainean, instrumentuak bilduz… Eneeeee! Zenbat ur erori zen atzokoan Donostian!
Hala ere… ez zegon jendea festa atzeratzeko, ez zegoen Burrunba burrunbarik ez egiteko…
Datorren urtera arte, San Sebastian!
2011-Xexili
Burrunbazale talde hiperaktiboa da eta bere kideak ere bai. Denerako beta hartu ohi dute eta, banaka edo koadrilan, data seinalatuak ez dituzte ahazten. Egutegiak markatu ohi du Xexili eta, aurten arte, beste konpromiso batzuk medio, txaranga ez da atera Ordiziako kaleetara. Aurten izan da lehena eta poz ederra hartu dute plazan ze suma zebiltzan haurrek! Gure animoa zuentzat, burrunba hotsak alaitzen gaitu-eta!
Kondairak dioenez, V. mende inguruan, Santa Zeziliaren aktak agertu omen ziren latineraz eta mezaren hasieratan erabili ziren. Akta haien arabera, Zezilia Metelo senatore familiako birjina izan zen eta haurtzaroan bihurtu zen kristautasunera.
Gurasoek Valerius edo Valeriano gazte paganoarekin ezkondu zuten eta, ezkontza burutu ondoren, bikotea bakarrik geratu zenean, Zeziliak birjintasuna Jaungoikoari eman ziola esan zion senarrari eta aingeru batek gordetzen zuela bere gorpua; Valerianok birjintasuna gordetzen saiatu behar zuen eta Zeziliak Via Apiara bidali zuen, hirugarren harria zegoen tokira, han Urbano I.a aita santuarekin elkartuko baitzen.
Kondairak dioenez, horrela joan zen elkarrizketa:
- Zezilia: Sekretu bat azaldu behar dizut. Jaungoikoaren aingeru batek zaintzen nau. Zure emaztea banintz bezala ukituko baninduzu, aingerua haserretuko da erabat eta ondorio larriak izango dituzu; aldiz, errespetatzen banauzu, aingeruak asko maiteko zaitu, ni maite naun bezala.
- Valeriano: Ikusi nahi dut. Jaungoikoaren aingerua bada, eskatzen didazuna beteko dut.
- Zezilia: Jaungoikoa bizi dela eta egiazkoa dela sinetsi behar duzu; bataiatzen bazara, aingerua ikusiko duzu.
Esandakoa bete zuen Valerianok eta Urbanoren bila joan zen; aita santuak bataiatu zuen eta Valeriano kristau eginda itzuli zen Zeziliarengana. Orduan, aingerua agertu zitzaien eta biak koroatu zituen.
Tiburtzio, Valerianoren anaia, inguratu zitzaien eta bera ere kristautasunera bihurtu zen; elkarrekin bizi ziren denak, garbitasun osoan.
Turcio Almaquio prefektuak heriotza-zigorra eman zien bi anaiei eta Maximo funtzionarioa izendatu zuen sententzia betetzeko, baina bera ere kristautasunera bihurtu zen eta bi anaiekin batera martirizatu zuten.
Zeziliak hilobi kristau batera eraman zituen gorpuak, baina berari ere jazartzen ari zitzaizkion. Bere etxeko bainugelan itota hiltzera kondenatu zuten, baina ez zen hil. Orduan hura irakiten jarri zuten, baina honek ere ez zion minik eragin eta kantatzen hasi zen, lasai-lasai.
Prefektuak, dekapitatzeko agindu zuen eta 3 alditan astindu zuten ezpata, baina ezin izan zuten burua enborretik aldendu. Funtzionarioak, hura ikustean, alde egin zuen beldurtuta eta birjina odoletan geratu zen.
Zeziliak beste 3 egun iraun zuen bizirik. Limosna partitu zien behartsuei eta, bera hil eta gero, bere etxea tenplo bihurtzeko agindu zuen. Urbanok Kalistoren katakunban eman zion lur, apezpiku eta kristau elizako goi mailakoen hilobian.Kondaira honek, V. eta V. mendeetan bildu ziren beste hainbat kondairak bezala, ez du inongo balio historikorik.
Historialariek Valeriano eta Tiburtzio benetako martire kristauak izan zitezkeela uste dute, baina Zezilia mitoa izan zelakoan daude. Santa Zeziliaren Akta hauek agertu ziren arte ez dira inon agertzen.
Gaur egun basilika dagoen tokia, Santa Zezilia in Trastévere, lehen etxe partikularra zen tokian dago. Agian donazioa izango zen. Inguruan, Bona Dea Restituta tenploa dago eta itsuak sendatzen zituen jainkosari dedikatuta dago. Latineraz, itsua cæcitas esaten da Cæciliaren oso antzeko hitza…
Horrela izan ote zen?
Erdi Aroan hasi zen musikarien patroi izendapen hori. Egia esan, ez dago inongo testigantza historikorik Zezilia instrumentu musikal batekin erlazionatzen duenik. Inork ez zuen pianoa jotzen ikusiko, edo organoa, irudikapen askotan horrela agertzen bada ere, organoa ez baitzen Erromara iritsi VII. mendea baino lehen eta pianoa, berriz,1700ean asmatu zuten.
Eguna ere Zeziliaren jaiotza edo heriotzaren data dela sinetsi izan da, baina hori oso ilun dago oraindik. Zenbaiten ustez martirioa 177an izan zen eta, beste batzuen ustez, berriz, IV. mendearen erdialdean.
Santa Zezilia, Trasteveren, Madernak ikusi zuen bezala 1599an, Maderna eskultoreari utzi zioten Zeziliaren gorpua ikusten eta basilikan gordetzen den marmolezko estatua bat egin zuen ikusi zuena irudikatuz. Estatuaren oinean, eskultorearen inskripzioa ikus dezakegu:
- Hemen dago Zezilia birjina, hilobian usteldu gabe ikusteko aukera izan nuena. Zuentzako egin dut, ikusi nuena ikus dezazuen.
Eta ondoren hasi zen Zeziliari sekula joko ez zuen intrumenturen bat eransteko ohitura.
Eta nori inporta zaio? Guk Burrunbazale entzuteko aukera izan dugu! Gaur, Indarkeria Sexistaren Aurkako Nazioarteko Egunean, burrunba ugari izan dugu Ordizian; indarkeria sinboliko, leun, maltzur eta ia ikusezin horretan jarra nahi izan dugu arreta…- esanez hasi da goizean Kimetzek antolatutako enparantzako ekitaldia; …Esan diezaiogun EZ emakumeen aurkako indarkeriari!- esanez amaitu da.
Xexiliren istorioak badu batere leuna ez den indarkeria. ¿La música amansa las fieras? Fiera asko zebilen garai hartan… Edo garai guztiek dituzte bere fierak? Burrunbazalek ixiltasuna hautsi du eta musikak bihotz makurrak alaitu ditu. Ea fierak ere baretu dituen! Hamelingo xirulariak bezalaxe, lehenengo solfamiredon, umeak atzetik hasi zaizkio saltoka, gurasoek ere erritmoan sartu dira eta gizartetxoa osatzen joan da txarangaren inguruan. Gaurko egunak burura dakarkigun esanahi ezberdinen mingotsa uxatu eta bide zuzena markatu nahiko balu bezala… Zure atzetik goaz denok! Segi horrela, Burrunbazale!
OHARRA: Artikulu honetako informazioa Beti Argiren 2009ko emanaldian idatzitakoa da eta gune hartatik kopiatuta dago. Familian gaude, ez?

2011-Ordiziako festak
Sarri sarri sarri sarri sarri sarriiiiiiiiiiiiiiiiiiiii
Hori entzuten dugu Burrunbazalen eztarrietan, baina gaurkoa ez da sarritan gertatzen.
Txaranga laino artean askotan egon da eta ez gutxitan blai eginda bukatu ere bai, baina… ez Ordiziako festatan! Aurreko larunbatean egin zuen Haurren txupinazoa Burrunbazalek eta, nola edo ahala, libratu zen. Igandean, berriz, arratsaldeko tanborrada bertan behera uztekotan egon ziren. Zortea izan zen, hala ere.
Igandea izatea, ez da betiko gauza, bezperako parranda parea baitakar berarekin… 11:30az geroztik, asko eta asko makarrak kentzen dutxan zeuden bitartean, 25 urte entzuten ari ginen megafonian. Hori ere ez zaigu sarri-sarri gertatu. 12:00etan kanpaiak jo eta jo (ez dugu txisterik egingo…), txupinazoa Eliseo Alonso Errondaileroa eta Gaztetxearen eskutik eta bertsoa izan dugu udaletxeko balkoian. Horrelakorik ere ez dut gogoratzen…
Hasi da Burrunbazale Ordiziarrak gara jotzen eta ingurukoek aterki azpian zeuden gehienek! Hau Ordizia al da? Deskuidatu eta Beasainen edo Lazkaon ez ote gaude? Erraldoiak eta buruhandiek hezetasunarekin kontuz ibili beharrean izan dira eta txarangeron eztarriek hautsi beharrean joan dira kantari, Burrunbazaleeeeeeeeee…
Anders Behring Breivik norvegiarrak astakeria galanta egin zuen atzo han. Melokotoia halakoa! Hori ere ez da sarritan gertatzen eta eskerrak!
Amy Winehouse gaixoak, berriz, atzo egin zituen bereak, baina aspalditik ari zen bidea egiten. Lastime!
Eta Cadel Evans handiak ederra egin zien Schlecktarrei! Ezin denak aurrean izan!
Ez dira sarritan gertatzen horrelako albisteak eta ez da sarritan gertatzen gaurko txupinazoa…
Hala ere, sarritan gertatzen den bezala, lavidasigue, eta pozak eta katxondeoak lainoak uxatzen ditu (Barnekoak behintzat).
Aupa, Burrunbazale! Ondo baino hobeto hasi dituzue festak! Horrelaxe segi!
Burrunbazale, Burrunbazale,
Burrunbazale gera guuuuuuuuuuuuuu

2011- Legorretako festak
Badira urte batzuk Legorretak eta Burrunbazalek festak ospatzeko bat egiten dutela eta aurten ere han izan gara kaleak alaitzen.
Joan den asteazkenean hasi zituzten jaiak legorretarrek eta Burrunbazaleok soziedadeko bertso afariaren osteko poteoan parte hartu genuen goizalderarte. Tabernaz taberna ibili ginen eta, hurrengo egunean goizean goiz lanerako jaikitzeko beharra ahaztuta, han ibili ginen hirurak arte giro ederrean jo ta fuego.
Ostegunean berriz, Legorretan tanborrada ospatzeko ohitura dago eta, oraingoan, legorretarren tanborren laguntzaz egin genion herriari bira gaueko hamaiketan hasita. Tanborrada bukatu eta, herritarrek tanborrak alde batera utzitakoan, berriro ere kalejira eta “temazoei” ekin genien, “pakitotik” “sarri-sarri”ra, goizalderarte.
Ostiraleko deskantsoaren ostean, larunbatean ordubatean hasita, paella txapelketa eta honi dagokion herri bazkaria girotu genituen, bazkalostean tabladu gainean igota amaitzeko…
Datorrengora arte ba, Legorreta!!!
2011-Iurre Elkartearen urtemuga
Tolosako Iurre elkarteak larunbatean ospatu zuen bere urtemuga bazkaria eta Burrunbazaleok festa girotzeko gonbidatu gintuzten. Giro ezin hobean pasa zuten eguna elkartekideek eguraldia lagun eta beti bezala jan/edan apartaz egin zioten omenaldia elkarteari.
Eguerdian salda eta txorixo mutur batzuen laguntzaz gorputzak piztu ondoren, kalejiratxo bat egin genuen elkartekideekin (batzuk sukaldean utzita, nola ez…) auzoko tabernetako txakoli eta sagardoaz gozatuz… Bazkalostean txarangaren girotzeaz gain, Iurrekoek urtemugetan egiten duten sari banaketa (oilaskoak, esparragoak eta… banatu zituzten) eta, nola ez, Mikel Nieveren garaipen ahaztezina eduki genituen “sobremesarako”.
Oraingo honetan ere Burrunbazaleok lagun batzuk eraman genituen Iurreko giroaz gozatzera; eskerrikasko berriro ere Lander eta, nola ez, Garazi; “dos metronomos pertsonifikaus”… eta eskerrikasko, nola ez, Iurrekoei beste behin ere beraien festan parte hartzera gonbidatzeagatik!!!
Hurrengora arte!
2011- Burrunbazale Nafarroako egunean
Urtero bezala, aurten ere, Nafarroaren eguna ospatu da Baigorrin. Aurten gainera aberri eguna ere ospatu da batera eta, beste nobedade bat, Nafarroaren eguneko antolatzaileek Burrunbazaleok gonbidatu gaituzte lehenengo aldiz (hemen programa). Han izan gara gehienok (batzuk astesantuko oporrak aprobetxatuz “en el exilio” genituen: Galizian, Cantabrian, Lanzaroten…) eta aspaldiko lagunen bat (eskerrik asko Perona, Olatz eta, nola ez, Lander!!!).
Ordizitik goizeko 8:30etan atera ginen igandean, larunbatean soziedadean afaritxo bat egin eta gero… Goiz gogorra izan zen, bide luzea, logure asko, marrubiak, polizia nazionala… Hala ere, hamaiketarako Baigorrin geunden, kotxea antolatzaileek prestatutako lekuan geneukan, edaritarako tike pilloa poltsikoetan, jotzeko eta bazkaltzeko ordutegia…
Gure saioa 15:30ean hastekoa zen eta goiza aprobetxatu genuen dantzari, zanpantzar eta beste musika taldeak ikusten, Baigorriko zerbezari gustua hartzen genion bitartean… Eguerdia pasata, Sarasolak mezu bat bidali zigun oso oso preokupatuta, lo hartu zuela esanez eta ohetik mugitzeko intentziorik ez zuela erantsiz… 3 tronpeten lana egin zuten Paskualek eta Peronak… Eskerrak!
Bazkari bikaina prestatu ziguten Basaizea elkartekoek eta, arratsaldean, kalejira batzuk jo genituen euripean… Dantzan jarri genituen batzuk, kantuan beste batzuk eta, bukatzeko, ordua erabat ahaztuta ordubete beranduago bukatu genuen… Tartean, SKA-P-ren batzuk estreinatu genituen eta Burrunbazaleon abestia Ordizitik kanpo jo genuen lehenengoz (bai, egia da, ordiziarrez inguratuta beste behin ere…)
Gero, talo bat afalduta, tikeak gastatzeari ekin genion eta, instrumenturik gabe bageunden ere, kale animazioan jarraitu genuen goizeko ordu txikiak arte!!! H katalanez kantatzen, Lander “me voy a comprar unas txapas!!!” bullaka eta guztiok Aurtzakako dantzariekin dantza “konpetizioan”…
Izugarrizko eguna!!! Eskerrik asko antolatzaileei gutaz gogoratzeagatik… Ea, datorren urtean ere Basaizekoek berriro deitzen diguten!!! Bestela, lasai, han izango gara eta era guztietara!!!
Hemen klik egin Nafarroako eguna “noticiasdenavarra.com”en ikusteko.
Eta hauetan, bideo batzuetan, Baigorrin egon zen giroa ikusi nahi baduzue: Bideo1, Bideo2, Bideo3.






